AURREIRITZIAK ANIZTASUNAREN INGURUAN
Gaur egun etengabe erabiltzen den hitza da aniztasuna, baina hau definitzeko zein hitz erabiliko genituzke? Argi dago pertsona bakoitzak hitz ezberdinak erabiltzen ditugula eta hauetako batzuk ondorengoak dira:
- Aberastasuna: aniztasuna modu aberats batean ikustean datza, hau da, ezberdintasun orok pertsona berezi eta bakarrak egin gaituela ohartzea.
- Ikaskuntza: aberastasunarekin zuzenean lotuta dagoela esan dezakegu, aniztasun honi esker, gizakiok modu batean edo bestean, erabateko eta etengabeko interakzioan gaude eta honek, ikaskuntza ekartzen duelarik.
- Inklusioa: gizartean aurki dezakegun aniztasuna errespetatzea eta onartzea ezinbestekoa da guztion arteko elkarbizitza sustatzeko eta norberaren giza eskubideak aitortuak izateko.
- Berdintasun - ezberdintasuna: guztiok berdinak garenez ezinbestekoa da gure gizartean inolako bazterkeriarik ez egotea. Aldiz, berdintasun honetan pertsona bakoitza oso anitza dela esan daiteke, denak baikara ezberdinak eta bakarrak eta denek baititugu ezaugarri pertsonal bakarrak. Aniztasuna ezberdintasun multzoan oinarritzen dela esango genuke.
- Errespetua eta tolerantzia: lehen esan bezala, guztiok elkarbizitza batean bizi gaitezen beharrezkoa da gure arteko errespetua eta nola ez, baita tolerantzia ere.
- Enpatia: elkarbizitza hau aurrera eramateko garrantzitsua da enpatia izatea, besteen lekuan jartzeko gai izatea eta beste pertsonak ulertzen jakitea. Izan ere, hau ez duen pertsona batek nekez errespeta eta onar ditzake gainerakoak.
- Onarpena: gure gizartean aurkitzen den aniztasuna errespetatzeaz gain, onartzea ere beharrezkoa da gizarte inklusibo batean bizi gaitezen. Izan ere, aniztasuna errespetatzea aurrera pausu bat izanagatik ere, inklusioa aurrera eramateko beharrezkoa da aniztasunarekiko onarpen eta aitortza hau.
- Balore eta balioak: gizakiok aipatzen ari garen balore eta balioak edukitzea ezinbestekoa da aniztasuna modu positibo eta on batean ikusi eta praktikan jar dezagun.
- Kulturartekotasuna: aniztasun mota ezberdinak aurki ditzakegu eta horietako bat kultur aniztasuna da. Aniztasun honekin elkarbizitzan aritzeari eta aniztasun hau gure gizartean inkluitu, errespetatu eta onartzeari kulturartekotasuna deritzo
- Askatasuna: gure gizartean lehen aipatutako baloreak beteko balira, gizarte aske batean bizi garela esango genuke. Izan ere, gizartea osatzen dugunok ezaugarri ezberdin (ikusgarri edo ikusezinak) jakin batzuengatik baztertuak sentitzen bagara, askatasunik ez dagoen seinale garbia da.
- Bullyinga: gizartearen estereotipoetatik ateratzen diren haur edo pertsonak aniztasuna modu positibo batean ikusten ez duten testuinguru batean badaude, hauek baztertuak izango dira eta ondorioz, haur edo pertsona hauek bullying egoera edo kasuak sufritzeko aukera dute. Eskoletan, irakaslearen inplikazioa ezinbestekoa da kasu hauetan.
Hauek dira aniztasunaren inguruan ditugun aurreiritziak. Hemendik aurrera, ANIZTASUNA ETA HEZKUNTZA ardatz hartuta, bizipenen bitartez, gaian sakontzen ahaleginduko gara. Motibazioa ez zaigu falta, proposamena interesgarria baita oraingoa! Prest bizipenak sentitzeko, hausnartzeko, jolasteko, esperimentatzeko...
Comentarios
Publicar un comentario